Beharrizan hauei aurre egiteko, lan ildoetako bat ezagutza garatzea da ZTBP sistemako diziplina guztietan, eta, bereziki, RIS3 eremuetan. Ildo hau hiru esparrutan ardazten da:
- Zientzia-teknologia-enpresa arloko talentu gazteak sortzea: sistemaren epe ertain-luzerako iraunkortasuna ziurtatzeko, arreta berezia jarriz bokazio zientifikoen sustapenean.
- Bizitzan zehar etengabeko prestakuntza: profesionalek beren ezagutzak eta gaitasunak etengabe berritzeko aukera izan dezaten, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 legean aurreikusitako kualifikazioen Euskadiko Esparruan oinarrituta. Birkualifikazio hori RIS3aren espezializazioari begira indartuko da.
- Doktoregoak indartzea eta hobetzea: goi-mailako jarduera indartzeko, doktore kopurua handituz eta gaitasun kreatiboen garapena bultzatuz. Bereziki, nabarmentzekoa da, enpresetan existitzen diren programen errefortzuaren bidezko (Zabalduz, Ikertu…) doktoreen trebakuntza . Era horretan, estrategia zientifiko, teknologiko eta industrial ugariak lagundu eta sinkronizatu nahi dira gaitasunen eta giza talentuaren kudeaketa egokiaren bitartez.
Beste lan ildoetako bat talentuaren erakarpenean, atxikipenean eta mugikortasunean ardaztuta dago. Planak adierazten duenez, azken urteetan hasitako talentua erakartzeko eta kontsolidatzeko estrategiak (hala nola, Ikerbasque, Bizkaia:talent edo Gipuzkoa Fellows) eraginkorrak gertatu dira gure zientzia, teknologia eta berrikuntzarako sistema nazioartekotzeko eta ikerkuntzako gaitasun berriak sortzeko. Aldi berean, inbertsio lehiakorraren itzulkin handia ekarri dute. Horrela, adibidez, egun, Ikerbasque programa EAEko ekoizpen zientifiko osoaren % 17a da.
Erakunde publikoek Euskadiko ikerkuntza-oinarria zabaltzea ahalbidetu dute euren programen bidez, zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal sistemako eragileen ikertzaileak kontratatzeko eta trebatzeko jardueren bidez. Erronka, Europa mailan lidergo-posizioetara gerturatuko gaituzten pertsonenganako inbertsio ahalegina etorkizunean mantentzea da, honako hauetara zuzendutako programa arinen eta eraginkorren bidez:
- Talenturik onenak erakartzea Planaren apustu-esparruetan, nola esparru zientifiko -teknologikoan, hala esparru profesionalean.
- Gure herrialdeko ikerkuntzako eta teknologiako profesionalen kanpo-mugikortasunean laguntzea, haien garapen profesionalaren funtsezko elementuak eta etorkizuneko elkarlan-sareak sortzeko ernamuin gisa.
- Gaitasunen garapena laguntzen duten lan-ingurunea eta zenbait erakunde sortzea.
Testuinguru honetan, Euskal Herrirako estrategikoa dana, ezaguera intergenerazionala igarotzea lan ildo hauek lortzeko bide osagarri eta alternatiboa da.
