Sinadura-ekitaldia
Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak Enpleguaren aldeko Itun Sozialarekiko atxikimenduak ireki ditu gaur. Itun hori “enpleguaren kalitatera eta duintasunera bideratutako politika publikoak eraldatzeko prozesu sakon baten puntu eta jarraitu bat da, eta enpleguaren aro berri baten irekiera, aliantza estrategikoa eskatzen duena”. Gaineratu duenez, itun horren helburua da enplegu duina berdintasun-baldintzetan bermatzea, jarduera ekonomiko lehiakorra, jasangarria eta arduratsua sustatuz, eta nahi duten erakundeek horri atxikitzen jarraitu ahal izango dute online (https://cidec.net/enpleguempleo/).
EAEko 97 erakunde eta gizarte-, ekonomia- eta hezkuntza-eragile inguruk parte hartu dute gaur Euskadiko Enpleguaren aldeko Itun Soziala sinatzeko ekitaldian. Bilboko Zabalgunearen eraikinean egin da ekitaldia, eta, bertan, Lan eta Enplegu Sailarekin batera, ordezkatuta egon dira Eusko Jaurlaritzako beste arlo batzuk, hiru Foru Aldundiak eta 31 udal, besteak beste, hiru euskal hiriburuetakoak. Honako hauek ere sinatu dute dokumentua: Confebaskek, CCOOk, UGTek, USOk, Euskadiko Autonomoen Elkarteak, Konfekoopek, ASLEk, Enpresariakek, hiru lurraldeetako Merkataritza Ganberek, hirugarren sektoreko erakundeek, garapenerako hamabi eskualde-agentziak, hamalau enpresa-klusterrek, Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak, eta hainbat prestakuntza-zentrok. Amaia Arregi Bilboko alkateak eta Idoia Mendia Lehendakariordeak hartu dute parte ekitaldian.