Merkatuetan eta enpresetan gertatzen ari diren aldaketak direla eta (antolamendua, produktuak, zerbitzuak, langileak…), ikastetxeek eta prestakuntza-eskaintzek etengabe egokitu eta hobetu beharra dute. Ikerketan parte hartu duten ikastetxe guztiek adierazi dute hainbat bide erabiltzen eta uztartzen dituztela prestakuntza-edukiak egokitzeko.

Nola aldatzen dituzte edukiak ikastetxeek, enpresen premiekin bat etor daitezen?

Ikastetxe gehienek inguruko enpresekiko lankidetza erabiltzen dute prestakuntza-edukiak eguneratzeko.

Askotan egiten dituzte enpresen eta ikastetxeen arteko bilerak, lan-molde berriak, makineria berria, produktu eta sistema berriak ezagutzeko eta, ondorioz, berrikuntza horiek guztiak prestakuntza-edukietan txertatzeko.

Enpresekiko lankidetza, ikaskuntzaren edukiak egokitzeko

Parte hartu duten lau erakundek enpresen beharrizanen diagnostikoa egiten dute, prestakuntza-edukiak hobetu eta egokitzeko. Inkestak eta bestelako protokoloak erabiliz, enpresak prozesuetan eta produktuetan txertatzen dituzten berrikuntzak ikertzen dituzte, diagnostiko horretan oinarrituta euren prestakuntza-edukiak osatu eta egokitzeko.

Enpresen beharrizanen diagnostikoa egitea

 

Oso interesgarria da ikustea ikastetxe batzuek (hiruk) merkatuko berrikuntza teknologikoak eta ez teknologikoak aztertzen dituztela, eskaintzen dituzten prestakuntza-edukiak gertatzen ari diren aldaketetara egokitzeko asmoz.

Berrikuntza-joerak (teknologikoak eta ez teknologikoak) aztertzea

Europar Batasunak bultzatzen dituen estrategia globalen artean daude espezializazio adimendunerako ikerketa- eta berrikuntza-estrategiak[1] (RIS3). RIS3 ekimenak Europako kohesio-fondoak eskuratzeko ezinbesteko baldintzak dira eta eragina izan dezakete, halaber, ikerketa, berrikuntza eta garapen ekonomikorako fondoetan ere. Ezinbestekoa da ikastetxeek estrategia horiek aztertzea, etorkizunari buruzko ikuspegi zabala eskuratzeko.

[1] 2020 Europa Estrategia, 2020 Jomuga; Berrikuntzaren Aldeko Batasuna;  Funtsezko Teknologia Erraztaileei buruzko Europako Estrategia eta Egiturazko Funtsak ezartzeko garatu den Esparru Estrategiko Erkidea.

Euskadiko estrategiak aztertzea

Euskal Unibertsitate Sistema Euskadi suspertzeko eta eraldatzeko eragilea da, eta lurraldea giza eta adimen-espezializazioko eremu bihurtzeko lidergoan hartzen du parte. Izan ere, euskal talentua, ikerketa eta berrikuntza garatzeko eta nazioartean kokatzeko ahalegina egiten du[1]. Unibertsitateak lanbide-heziketako edukiak egokitzeko ezagutza-zentro gisa oso garrantzitsuak badira ere, LHko ikastetxeetako batek bakarrik adierazi du unibertsitatearekin elkarlanean ari dela bere edukiak berritzeko.

Unibertsitatearekiko lankidetza, prestakuntza-edukiak egokitzeko

[1] Unibertsitate eta Enpresaren arteko 2022rako I. Euskal Estrategia. Hezkuntza Saila. Eusko Jaurlaritza. http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/uni_estrategia_universidad_emp/eu_def/adjuntos/Estrategia_Vasca_Universidad_Empresa_2022_e.pdf