USURBILGO LANBIDE ESKOLA goi-mailako lanbide-heziketako institutu espezifikoa da. Hasierako lanbide-heziketa (erdi- eta goi-mailako prestakuntza-zikloak), etengabeko lanbide-prestakuntza (langileentzako ikastaroak) eta prestakuntza okupazionala (langabetuentzako ikastaroak) eskaintzen ditu euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Ikastetxeak bost lanbide-arlotako prestakuntza-zikloak eskaintzen ditu.
- Administratiboa
- Elektrizitatea eta elektronika
- Energia eta ura
- Fabrikazio mekanikoa
- Produkzio-zerbitzuak eta mantentze-lanak
Harreman estua du lan-munduarekin, 300 enpresarekin baino gehiagorekin jorratzen baitu etengabeko lankidetza, lantokietako prestakuntzako modulua egiteko. Gainera, etengabeko prestakuntza-ikastaroak eta prestakuntza okupazionala ere ematen ditu, enpresetako langileak birziklatzeko, eta berrikuntza-proiektuak garatzen hartzen du parte, enpresekin nahiz instituzioekin lankidetzan.
2011n lankidetza-hitzarmena sinatu zuen ZUBIGUNE Fundazioarekin. Erakunde pribatua da, enpresen, Usurbilgo lanbide-heziketako ikastetxearen eta teknologia-zentroen aliantzaren ondorioz sortua, inguruneko garapen teknologikoarekin eta sozialarekin inplikatutako eragileen lankidetzarekiko konpromisoan oinarrituta. Fundazioak institutuko prestakuntza arautuari lotutako proiektu guztiak kudeatzen ditu eta, aldi berean, eskolako proiektuei erantzuteko azpiegitura hornitzen du. 9 langile finko ditu, eta proiektuen araberako behin-behineko langileak. Ez du laguntzarik edo diru-laguntzarik, kudeatzen dituen proiektuen bidez finantzatzen baita.
Ikastetxera egindako bisitaren argazkiak



Nola ari da hurbiltzen Usurbilgo Lanbide Eskola 4.0 industriara?
Institutua, beste bost prestakuntza-zentrorekin batera[1], industria-konpetentziak etengabe garatzeko proiektuan ari da parte hartzen. Gigel du izena eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du, Etorkizuna eraikiz ekimenaren esparruan.
4.0 industriak lan-merkatua aldarazi du eta lanbide- eta okupazio-profil berriak eskatzen ditu fabrikazio aurreratuaren eta teknologia berrien alorrean. Beraz, lurraldea garatzeko funtsezkoa da lanbide berrietarako prestatuta egongo diren pertsonen premiari erantzutea. Esparru horretan, hain zuzen, Gipuzkoako industriaren lanbide berrietara egokitutako etorkizuneko profil-kopurua zehaztu nahi du proiektuak. 4.0 industriari egokitutako 5 lanbide-profil identifikatuz eta zehaztuz, industria-alorreko langileen konpetentzia profesionalak sustatzeko sistema bat gauzatu nahi dute, lurraldeko enpresarik aurreratuenen aldaketekin eta berrikuntza-dinamikekin bat etorriko den prestakuntza eskaintzeko.
Usurbilgo Lanbide Eskolari dagokionez, IOT/Monitorizazio-teknikariaren profila hautatu da Gigel proiektuaren esparruan garatzeko. Horretarako, ikastetxeak praktika-programen bitartez eta prestakuntza dualaren bitartez sortutako harreman-sare zabala du inguruko enpresetan. Enpresa horiekin harreman oso zuzena duenez, hainbat bilera egin dituzte aipatutako esparruko beharrizanak identifikatzeko. Diagnostiko horretan oinarrituta, profilaren edukiak diseinatzen hasi dira. Tknikaren laguntza jaso dute bide horretan. Tknikak ere OITen alorrean egiten du lan, eta esparru horretako jarduera berritzaileak aztertu dituzte, enpresetan ezartzeko.
Profil hori garatzeko, enpresa partaideetako langileekin lanbide-orientazioko lan handia egin da: gutxieneko prestakuntza-baldintzak zehaztu, langileen gaur egungo prestakuntza identifikatu eta ikastetxeko eta beste zentro eta erakunde batzuetako prestakuntzan antzemandako gabeziak betetzeko prestakuntza osagarria aztertu da.
TKGunean, enpresentzat neurrira egindako ikastaroetan, nazioartekotzean…
Orobat, institutuak errendimendu handiko zikloak ezarri ditu (ETHAZI metodologia), erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza abiapuntu. Ikaskuntza-espazioak eurak ere aldatu egin dituzte, ikasleek gero enpresetan aurkituko duten errealitatera hobeto egokitzeko (espazio moldakorrak, erosoak, akustika ona, konexio malguak, IKTen erabilera errazten eta hormak pintatzeko aukera eskaintzen dutenak).
[1] IMH LHII, Miguel Altuna LHII, Goierri Eskola, Bidasoa LHII eta Usurbil LHII.
Nola baloratzen duzue enpresen egoera 4.0 alorrari dagokionez?
Enpresa txikiek ez dute ia inolako urratsik eman, beraien ekimen-gaitasuna mugatua baita; izan ere, ikastetxean espazio bat antolatzen ari gara, ETE-ek zuzenean ikus ditzaten 4.0 industriari lotutako jardunbideen ezarpenak. Espazio hori bera aprobetxatuko dute enpresek hitzaldiak emateko, jardunaldi teknikoak egiteko…
Nor da 4.0 aldaketaren aitzindaria?
Enpresa batzuk oso aurretik dabiltza eta haietatik ikasi behar da, punta-puntakoak direlako. Beste batzuei zer datorren jakinarazi behar zaie, erronka berri horretarako presta daitezen. Halere, enpresek eta prestakuntza-zentroek partekatzen dute aitzindaritza.
Nola balioesten duzue, oro har, 4.0 alorreko lanbide-prestakuntza?
Tknikak lidergo egokia jorratzen du alor horretan, enpresen premiak asetzeko. Dena dela, ikastetxeek ez dute oraindik maila hori lortu; prestakuntza areago egokitu behar da, nahierara eskaini ahal izateko. Enpresak eta ikastetxeak oraindik ez daude guztiz lerrokatuta: zenbaitetan, adibidez, ikastetxeek asko berritzen dute gero enpresek eskatuko ez dieten esparru jakin batean, enpresak ez daudelako 4.0 industriarekin sentsibilizatuta. Zaila da kontzientziatzea, esate baterako, enpresek monitorizazioaren alorrean proposatutako hobekuntzak egin ditzaten. Egokiena zera da: bizpahiru enpresarekin lan trinkoa egitea eta gero emaitzak gainerakoei erakustea.
Nola ikusten duzue Euskadi 4.0 industriari dagokionez?
Marketina ondo egin da, gai hori barneratuta duten sektoreetan oso produktu «top-ak» erabili dira. Aurrean dugun ikuspegia ona da. Krisialdian enpresa asko suspertu egin ziren eta aurrerakuntza handiak egin dituzte.
Ikasleei dagokienez, iraganean lanbide-heziketara 16 urterekin iristen ziren ikasleek jarrera pasiboa zuten, baina hori asko aldatu da proaktibotasuna bultzatzen duten ETHAZI zikloen bidez. Dena dela, badira eragin zuzena duten elementuak, hala nola adina, aurretiko ezagutzak eta abar. DBHn gehiago landu behar da orientazioa, orientatzaileak ekarri behar ditugu ikastetxeak ezagutzera. Familiak ere sentsibilizatu behar ditugu, oro har seme-alabak unibertsitatera joatea lehenesten jarraitzen dutela kontuan hartuta. Lanbide-heziketaren aurkako aurreiritzia hedatuta dago, prestakuntza-modalitate hori beheragokoa balitz bezala, eta ikuspegi hori aldatu eta jarrera hobea bultzatzeko estrategiak landu beharra dago.
Azkenik, emakumeak prestakuntza-alor horretan sartzeko motibazioa ere landu behar da.
Zuen ikastetxean zer eskaintza dago 4.0 industriara bideratuta?
| 4.0 INDUSTRIARI LOTUTAKO PRESTAKUNTZA-ESKAINTZA | |
| Eskaintza | Helburuak |
| GOI-MAILAKO TEKNIKARIA AUTOMATIZAZIO ETA ROBOTIKA INDUSTRIALEAN | Iraupena: 2.000 ordu.
Konpetentzia orokorra: industria-sistemen neurketa-, erregulazio- eta kontrol-prozesuen instalazio automatizatuak muntatzeko eta mantentzeko proiektuak garatzea eta kudeatzea. Era berean, muntaketak egitea edo gainbegiratzea, sistemak martxan jartzea eta mantentze-lana egitea, betiere kalitate-, segurtasun- eta ingurumen-irizpideak betez. Ingurune funtzionala: profesional hori industria-sistema automatikoen eremuko enpresetan arituko da lanean, automatizazio-sistemen diseinuan, muntaketan eta mantentze-lanetan. |
| GOI-MAILAKO TEKNIKARIA FABRIKAZIO MEKANIKOKO PRODUKZIOAREN PROGRAMAZIOAN | Iraupena: 2.000 ordu.
Konpetentzia orokorra: ekipamendu-ondasunen mekanizazio bidezko fabrikazioa eta muntaia antolatu, programatu eta kontrolatzea, fabrikatu beharreko produktuen prozesuari buruzko dokumentaziotik eta zehaztapenetatik abiatuz eta kudeaketaren eta produktuaren kalitatea bermatuz. Era berean, laneko arriskuen prebentziorako eta ingurumen-babeserako sistemak gainbegiratzea. Ingurune funtzionala: profesional horrek metalaren eraldatze-industrietan egingo du lan, hau da, industria-sektoreko makinaria eta ekipo mekanikoen, material eta ekipo elektriko, elektroniko eta optikoen eta garraio-materialen eraikuntzari lotutako azpi-alorretan. |
| GOI-MAILAKO TEKNIKARIA FLUIDO-INSTALAKUNTZEN ETA INSTALAKUNTZA TERMIKOEN MANTENUAN | Iraupena: 2.000 ordu.
Konpetentzia orokorra: eraikin eta prozesu industrialetako instalakuntza termikoen edo fluidoen instalakuntzen muntaia eta mantenua antolatzea, kudeatzea eta gainbegiratzea, indarrean dauden arauak kontutan hartuz eta kalitatea, segurtasuna, lan-arriskuen prebentzioa eta ingurumen-babesa bermatuz. Teknikari horren lana arkitektura- edo ingeniaritza-lizentziatu batek edo arkitekto edo ingeniari tekniko edo diplomatu batek gainbegiratuko du. Ingurune funtzionala: profesional horrek instalakuntza termiko edo fluidoen instalazioen muntaketan eta mantenuan diharduten enpresetan egingo du lan. Industria- edo eraikuntza-sektoreko girokuntza-arloko (berokuntza, hozketa eta bentilazioa) enpresak dira. |
| GOI-MAILAKO TEKNIKARIA EFIZIENTZIA ENERGETIKOAN ETA EGUZKI-ENERGIA TEKNIKOAN | Iraupena: 2.000 ordu.
Konpetentzia orokorra: eraikinetako ur- eta energia-instalakuntzak ebaluatzea eta eraikinen kalifikazio-prozesuan eta energia-ziurtapenean laguntza teknikoa ematea. Eguzki-energiako instalakuntza termikoak konfiguratzea, eta muntaketa eta mantenua kudeatzea, segurtasuna, kalitatea eta ingurumen-babesa bermatuz. |
| Ingurune funtzionala: profesional hori energia-sektorean arituko da lanean, energia-arloko auditoretzari, ikuskapenari eta egiaztapenari lotutako eskumenak dituzten erakundeetan, edota eraikinetako eguzki-energiako instalakuntzen bideragarritasun-azterketak, sustapenak, ezarpenak eta mantentze-lanak egiten dituzten enpresetan. |
[1] CIFP IMH LHII, CIFP Miguel Altuna LHII, Goierri Eskola, CIFP Bidasoa LHII y CIFP Usurbil LHII.
