Mikroerronkak 4.0: irakasleen prestakuntza  4.0 industriari loturiko teknologietan

Euskadiko gizarte-ekimeneko lanbide-heziketako 23 ikastetxe biltzen dituen irabazi-asmorik gabeko elkartea da HETEL. Lanbide-heziketako 100 irakasle trebatu ditu 4.0 industrian, Tecnalia, IK4-Tekniker eta IK4-Azterlan sozietateekin batera. Ekimen horrek Mikroerronkak 4.0 du izena, eta BBKren Gizartekintzaren laguntzarekin antolatu da.<0} Ekimena bat dator HETELen asmoarekin, lanbide-heziketa enpresen premietara hurbiltzeko xedearekin, alegia. Horretarako, teknologia-zentroekin harreman estua du, zentro horien ardatzetako bat, hain zuzen, etorkizuneko langileak 4.0 industrian trebatzea delako eta 4.0 pertsonak trebatzeko beharra ere funtsezkotzat jotzen dutelako.

Teknologia-zentroek, HETELekin batera, teknologien eta metodologien arloko 21 aditu prestatu dituzte, gero beraiek ezagutza horiek 100 irakasleri azaltzeko. Zehazki, hautatutako sei 4.0 alorrei lotutako 22 mikroerronka diseinatu dituzte irakasleentzat: gauzen Internet, elkarlaneko robotika, Big Data, gehitze-fabrikazioa, errealitate areagotua, zibersegurtasuna eta lanbide-familiei lotutakoak (fabrikazio mekanikoa, merkataritza, informatika, elektrizitatea eta elektronika, mantenua, osasuna eta administrazioa). Mikroerronka horiek ikasgeletan erabiliko dituzte gero, ikastetxeetako ikasleekin.

www.lait40.eu. LHko irakasleak 4.0 industrian trebatzea eta enpresetan teknologia-diagnostikoak egitea.

Proiektuan parte hartu dute HETEL, IK4 Tekniker, ROC Da Vinci College (NL), Dundee and Angus College (UK), APRO Formazione (IT) eta Kauno TPMC (LT) erakundeek. Honako helburu hauek lortzen lagundu nahi du LAIT 4.0 proiektuak:

  • LHko irakasleekin, 4.0 industriako teknologiei buruzko ezagutzak ez ezik, ezagutza horiek ikasleei eta enpresei irakasteko gaitasunak ere lantzea.
  • Konpetentzia teknologikoak eta LHko ikasleak antolatzeko gaitasuna garatzea, gaur egungo industria-enpresen, eta batez ere fabrikazio aurreratuan (CNCn, soldadura birtualean, robotikan…) aritzen direnen, eskakizunei erantzun hobea emateko.
  • Enpresei eta, bereziki, ETEei teknologia- eta berrikuntza-zentroetako ezagutza eskuratzen laguntzea, beren jarduera ekonomikoan ezar dezaten.
  • LHko ikastetxeen, teknologia-zentroen eta enpresen arteko lankidetza handitzea, hezkuntza/berrikuntza/enpresa triangelua indartzeko.
  • Europar Batasuneko LHko sistemen arteko gardentasuna bultzatzea. Horretarako, 4.0 industriari lotutako konpetentzien gabezia estaltzera zuzendutako ikastaro bateratua diseinatzea eta proiektuko kideen artean elkar ulertzeko hitzarmena jorratzea, LHko ikasleen eta irakasleen trukea eta mugikortasuna sustatzeko.

Proiektuan zehar, LHko 18 irakaslek 4.0 industriari buruzko ikastaro trinkoa egingo dute IK4 Teknikerren eskutik. Tekniker EAEko teknologia-zentroa da, eta Europako erreferentzia fabrikazio aurreratuaren alorrean. 18 irakasle horiek beste 50 irakasleri helaraziko dizkiete jorratutako ezagutzak, eta, azkenean, 1.200 ikasle inguru baliatuko dira irakasleen konpetentzia-hobekuntzez. Beste alde batetik, 20 enpresak ere hartuko dute parte proiektuan, irakasle horiekin elkarlanean, 4.0 industriaren ezarpenean aurrera egiteko eta etorkizuneko lantegi bihurtzeko. Proiektuaren emaitzetako bat hauxe izan da: «Enpresetan teknologia-azterketak egiteko gidaliburua. Enpresei industria 4.0rako ibilbidean laguntzeko prozesua, urratsez urrats».[1]

[1] http://www.lait40.eu/wp-content/uploads/2017/02/LAIT-4.0_Gu%C3%ADa-para-la-realizaci%C3%B3n-de-chequeos-tecnol%C3%B3gicos.pdf