Laugarren industria-iraultzak 4.0 industria ekarri du berarekin: balio-katea antolatzeko eta kontrolatzeko eredu berri bat, informazio-teknologietan oinarritua. Teknologia berriak industria-prozesuetan txertatzea da iraultza horren ezaugarria.

Aurreko iraultzen protagonistak lurrun-makina, diesel motorra eta elektrizitatea izan ziren bezala, oraingo honetan IKTak (informazio- eta komunikazio-teknologiak) lantegietan txertatzea izango da gakoa. Izan ere, horren ondorioz, prozesuak, produktuak eta zerbitzuak ez ezik, negozio-ereduak eurak ere aldatuko dira. Automozio-industria, energiarena, altzairuarena eta aeronautikoa dira gure industria-produkzioaren ardatzak, hala kalitateari dagokionez nola kantitateari dagokionez. Gure industria-enpresak inpaktu horren eta sortutako balioaren onuradun izateko, teknologia ahalbidetzaileak ezagutu eta ustiatu behar ditugu. Alor berri askok lan-eskari handia dakarte, aurretik aipatu dugun guztiari ateak erabat irekitzen dizkiotelako.

Horren adibide dira, besteak beste, datuen azterketa masiboko teknologiak (Big Data), gauzen Internet (ohiko objektuak, Internetera konektatuta), elkarlaneko robotika konektatua, errealitate birtuala eta areagotua, gehitze-fabrikazioa, sistema ziberfisikoak eta adimen artifiziala.

4.0 industria-programaren bidez, paradigma berriaren inguruko hurbilpena egiten da, hiru azterketa-eremu aintzat hartuta:

  • Teknologia: teknologia erraztaileak, industria berria ahalbidetzen duten ezagutzen multzoa.
  • Negozioa: lantegien digitalizazioak industriari dakarkion inpaktua prozesuan, produktuan eta negozio-ereduan.
  • Ezarpenak: programan laguntzen duten enpresa eta industrien arrakasta-adibideak. Izan ere, teknologia eta negozioa uztartuta, 4.0 industriako proiektuei heldu eta errentagarritasuna lortzen jakin dute.