4.0 esparruko proiektu oso interesgarria da, partaidetza sozialeko prozesu baten ondorioz sortua. Zenbait zutabe ditu:
- Gauzak beste era batera egiteko erronka.
- Erronka berrietarako espazio berria.
- Hitzak. Ideiak.
- Gure etorkizuna orain eraikitzea.
Bost ekimen abiatu dira elkarlaneko prozesu horren ondorioz: Industria 4.0, Gizarte Berrikuntzako Foroa, Arabako enpresen arteko cross-mentoring laguntza-programa, Arabako Natura 2000 Sareko Espazioak eta TeknoCamp AGORA.
Agora 4.0 izeneko 4.0 industria-alorreko ekimenak elkarlana sortu du unibertsitateen, LHko ikastetxeen, enpresen, ikerketa-zentroen eta beste erakunde batzuen artean, Araba produkzio-prozesuen digitalizazioa ezaugarri duen 4.0 industriaren puntan kokatzeko nahiak eraginda. Hona hemen ekimenaren lehen ondorioetako bat: ezinbestekoa da 4.0 industriaren eskariei erantzungo dion lehen mailako prestakuntza erdiestea.
Ildo horretan, adibidez, aurtengo urtean bertan LH dualeko esparruan 4.0 industriako espezializazio-ikastaroa jarri dute abian, Arabako Ikaslanen, Egibideren, EHUko Ingeniaritza Eskolaren eta Arabako Foru aldundiaren artean. Prestakuntza hori EHU datorren ikasturtean eskaintzen hasiko den automozioko ingeniaritza graduarekin koordinatuta egongo da. Aurten, gainera, Miñaoko Teknologia Aeronautikoen Zentroak, EHUk eta Aernnovak aeronautikako doktoreak prestatzeko programa abian jartzeko asmoa dute.
Ekimen horren baitan sortutako beste proiektu bat: aurtengo lehen seihilekoan 4.0 Araba jardunaldia antolatzea, Arabako ETEen artean 4.0 industriaren kontzeptua zabaldu eta horren inguruan sentsibilizatzeko.
Ikaslan Araba 4.0 prestakuntza-programaren bidez, 4.0 industriari lotutako teknologietan trebakuntza berezia duten pertsonen eskariari erantzun nahi zaio, Arabako industria-enpresek gero eta gehiago eskatzen baitituzte halakoak. Honako gai hauek landuko dira, besteak beste:
- Gauzen Internet eta sistema ziberfisikoak
- Gehitze-fabrikazioa
- Big Data, Data Mining eta Data Analytics
- Ingeniaritza artifiziala
- Elkarlaneko robotika
- Automatizazio aurreratua
330 orduko prestakuntza-ikastaro hori industria- eta informatika-alorreko ingeniaritza-graduetako tituluak edota industria- eta informatika-alorreko goi-mailako prestakuntza-zikloetako tituluak dituzten langabeentzat eta langileentzat da. Era berean (bigarren lehentasun-maila), azken mailan dauden titulazio horietako ikasleei eskainiko zaie, eta, azkenik, titulazio hori eduki gabe, lan-esperientziaren bidez industria-alorreko ezagutzak egiaztatzen dituzten pertsonei.
