Erronkak

Gaur egun garatzen ditugun jardueretako batzuk izaera estrategiko eta berritzaile nabarmena dute, bai eta etorkizunera begirako irismen handiagoa ere:


Inpaktuaren ebaluazioa

eta Erakundeen arteko Planen ebaluazioak hobetzeko laguntza
Inpaktu-ebaluazioak garatu dira gutxien gure ingurunean. Eurek dakarten berariazko erronkak zorroztasun metodologikoz aztertu behar dira, ebaluazioaren beraren baliagarritasuna/kostua erlazioa ahantzi gabe. Gaur egun, CINTERFOR-OITren barruan, Lanbide Heziketak duen Inpaktuari buruzko Ebaluazio Gida egiten parte hartzen du CIDECek.

Erakundeen arteko planek berariazko konplexutasuna dute eta, ondorioz, ikuspegi metodologiko zorrotz batetik, ebaluaezintzat jo izan dira batzuetan. Alabaina, funts publikoak programatzeko eta erabiltzeko esparru garrantzitsuak dira. Aurretiko esperientzia batzuk egin ondoren, gaur egun CIDEC ebaluazio-gida bat egiten ari da, administrazioetako maila bakoitzari egokitzeko modukoa, plan horiek nola burutu diren eta zer emaitza izan duten jakiteko ikuspegi koordinatua eskaini ahal izateko.

Gaitasunen identifikazio goiztiarra

eta enplegu-zerbitzuen informazio- eta orientazio-sistemak hobetzeko formulen bilketa
Europa osoan hainbat proiektu egiten ari dira, proiekzio kuantitatiboetan edo baliabide kualitatiboen garapenean oinarrituak, lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasunak goiz antzemateko eta, horri esker, irakaskuntza- eta lanbide heziketa-sistemak errazago egokitzeko.

Gaur egun, eredu horiek aztertu eta moldatzen ari da CIDEC, geroago orientazioaren eta bitartekaritzaren esparruan ere erabili ahal izateko. Enplegu-zerbitzu publikoen gaur egungo informazio-sistemek prosprekzio-alde hori ere hartzeko oinarria eskain dezakete sistema kuantitatiboek, eta, horri esker, herritarrek, prestakuntza-erakundeek eta enpresek erabaki sendoagoak har ditzakete euren prestakuntzaren inguruan.

Gizarte Berrikuntzak

indar berezia jarrita espezializazio-esparruetan (enplegua, prestakuntza, laneratzea, antolakuntza-garapena…)
Europako Batzordeak zehazten duenari lotuta, CIDECen hainbat espezializazio-esparrutatik gara daiteke Gizarte Berrikuntza: merkatuak edo sektore publikoak gaur egun egoki asetzen ez dituen gizarte-premiak betetzeko asmoz, herritarrak gaitzea, gizarte-harreman berriak eta lankidetza-eredu berriak sortzea... horiek guztiak estrategia eta esku-hartze berriak garatzeko esparru naturalak dira, erakunde publiko nahiz pribatuei zuzenduta. Esparru horretan, beste jarduera batzuen artean, CIDECek Innobasquen (Berrikuntzaren Euskal Agentzia) parte hartzen du, erakunde kide gisa, orientazio- eta enplegu-sistemen inguruko gizarte-erronka handiei ekiteko formula berrien bila.

Malgutasuna kualifikazioak egiaztatzean

eta autoebaluazio sistemak
Kualifikazioen Sistema Nazionalak berrikitan amaitu ditu azpiko mailak (goi-irakaskuntza ez dute barne hartu), eta, ondorioz, ikaskuntza ez-formalaren, informalaren edo esperientziaren bidez barneratutako gaitasunen egiaztapena lehen urratsetan dago, oraindik orain. Europa mailan egindako ikerketa konparatiboek aldaketak antzeman dituzte herrialdeetako ereduetan, eta nahiz eta oraindik ez dagoen kualifikatzeko sistema malgu eta zorrotzen eraginkortasun handiagoa edo txikiagoa frogatuko duen azterketa zorrotzik, badaude CIDECeko Ekimen Zentroak aztertu eta garatzen dituen esparru interesgarriak, beste ingurune batzuetan erabil ote daitezkeen ikusteko. Horien artean daude, esaterako, gaitasun-sistemak gehien garatu dituzten herrialde batzuetan (Erresuma Batua, adibidez) egindako saioak, eta kualifikazio nazionalen zorroztasunetik kanpo gaitasunak formalki aitortzeko eremuak indartu izana.

Zatoz gurekin

Argitalpenak